XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mendia

G-IIko espediziokideak behera bidean

Otaegik eta Tarditsek ez zuten atzo gora jo, eguraldi txarraren eraginez

HERENEGUN Gasherbrum II (8.035 m.) gailurrera igotzea lortu zuen Errobert Larrandaburu eta hirugarren kanpamentuan itxaron zioten Jean Laurent Tardits eta Arrate Otaegi kanpamentu nagusirako bidean ziren atzo, azkeneko hartu-emanean jakinarazi zutenez.

Herenegun gauean, 20:45ak inguruan (17:45ak Euskal Herrian) iritsi zen Larrandaburu gailurretik hirugarren kanpamentura, eta atzo goizean beherantz abiatu ziren, kanpamentu nagusian lehenbailehen igoera ospatzeko.

Otaegiri eta Tarditsi geratzen zitzaien esperantza txiki bat atzo gailurrerantz jotzeko, baina, antza, eguraldia atzo ez zen herenegun bezain ona, eta haiek ere jaitsi egin ziren.

Taldekideek atzo jakinarazi zutenez, oso akitua iritsi zen Larrandaburu gailurretik hirugarren kanpamentura, baina onik.

Kontatu zuenez, elurra belaunetaraino eta zenbait momentutan gerriraino ere izan zuen.

Atzo beheko kanpamentura iritsiz gero, Skardu aldera aterako dira gaur ziurrenik eta handik Islamabadera. Baliteke etxera hilaren 18 edo 19an iristea.